HIRIGINTZA ESTRALURTARRA

Errazagoa litzateke eta energia gutxiago beharko genuke hiri guztiz berriak sortzeko, gaur egunekoak berriztatzeko eta eguneratzeko baino. Ideia horretan oinarriturik, Venus proiektuak egun eskura ditugun teknika eta baliabide sofistikatuen bitartez, hiri kontzeptu berri bat aurkezten digu. Proiektu hori urbanismo ikuspegi berri bat baino zabalagoa da; hautabide gisa aurkeztu du Jacque Frescoren taldeak, hautabide bat aurre egiteko konpetentzian eta baliabide eskasian oinarritutako ekonomia eredu bortitzak sortutako gizarte modernoari.

Estralurtar itxurako hiri hori, parke eta lorategiz inguratua, naturarekin orekan dauden teknologia merke eta garbienekin ibiltzeko diseinaturik dago; hau da, hiri horretan ez legoke erregai fosilez mugitutako ezertxo ere ez; eta denok dakigunez, petrolio-enpresek gobernatzen duten ekonomia globalean horrelakorik bidera ezina da. Puntu horretan bilakatzen da proiektu hori utopia, eta bertan hasten da aurkeztu nahi diguten hausnarketa: diseinatzaileek diotenez, egun badugu horrelako hiriak egiteko teknologia eta baliabiderik.

Hiri honen antolakuntza erdigunean eraikitako domo biribil baten inguruan hedatzen diren eraztunez diseinatuta dago, lehenbiziko eraikuntza honetan, sistema zibernetizatua, irakaskuntza, komunikazio sareen sistemak, ume zaintza eta osasun konplexua aurkituko genituzke. Hau inguratzen duen lehenbiziko eraztunean, artea, antzerkia, erakusketak, emanaldiak eta beste hainbat kultura jarduerak jasotzeko espazioak. Honi jarraituaz, hiriko diseinu, garapen eta ikerketa eraikuntzak, eta hauei itsatsiak, beti eraztunetan hedatuta, jantokiak eta beste erosotasunak.

Ondoren, paisaia ezin hobe eta lorategiz beteriko eremu batetan, etxebizitzak aurkituko genituzke. Bukatzeko, eta energia garbi eta berriztagarrien eraztunaren ondoren, ur kanal batez inguraturik, pestizidarik gabeko nekazaritza hidroponikoa garatuko den ustiategi bat. Instalazio guzti hauek denon eskura dohain egongo lirateke eta teknologiaren helburu bakarra jendeari eginbehar aspergarriengandik libratzea eta aisialdirako denbora lortzea izango zen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>