QUO VADIS ERAIKUNTZA SEKTOREA?

Joan zen mendeko 80. hamarkadan untzigintzak izan zuen birmoldaketaren lekukoetako bat Bilboko Deustuko zubian Euskaldunako langile eta polizia nazionalek izandako liskarrak dira. Bilbo eta oro har Bizkairako hain garrantzitsua zen sektorearen birmoldaketaren ondorioz lanpostu pila bat galdu ziren untzigintzako enpresa handietan eta haren inguruan zebiltzan enpresa txiki askotan.

Sin título1

2008an hasi eta oraindik jotzen gaituen krisiak eraikuntza sektorea gupida barik astindu du. Azkeneko datuen arabera Euskal AEn 2012. urtean zehar Eraikuntzaren koiuntura indizea %20,2 jaitsi da (Etxegintza %19 eta Obra Zibila %22,4 ) aurreko urtearen aldean. Sektorea, aurretik untzigintzak egin zuen bezala, birmoldaketa sakon baten aurrean aurkitzen da.

Birgaitzea eta eraginkortasun energetikoa, sektorearen birmoldaketa honen erdigunean aurkitzen dira, eta batez ere sektorean jarduten duten profesionalak. BUILD UP Skills Intelligent Energy Europe-ren (IEE) baitako ekimen estrategiko bat da, eraikuntza-sektoreko langileen prestakuntza sustatzeko. Ekimenaren azken helburua da Europan langile gaitu gehiago izatea, ia zero energia erabiltzen duten eraikin berriak egiteko, baita birgaitze energetikoak garatzeko ere eraikita dauden eraikinetan. 2011ko azaroan jarri zen abian ekimena, eta langileek mota guztietako eraikinen energia-eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan duten prestakuntza lantzen du. 30 herrialdek parte hartzen dute ekimen honetan.

Formazio Plan orokor honi “Construye 2020” deitzen diote. Planak langileen formazio beharrak eta Europak 2020rako finkatutako helburu energetikoak lortzeko dauden oztopoak aztertzen ditu. Urte honetatik 2020ra Estatuan eraginkortasun energetiko eta energia berriztagarrietan beharko diren formatutako langileak 166.000 eta 600.000 bitartean izango direla dio ikerketak. Gainera langileon formaziorako urtero beharko litzatekeen inbertsioa 28 eta 60 milioi euro artekoa dela aipatzen da.

Proiektuak honek 29 ekintza eta 11 gomendioz osatutako ibilbide orri bat aurkezten du. Hauen artean adibidez biomasa instalakuntzen gaineko edo isolamendua jartzeko formazio ibilbideak daude, edota energia geotermikoaren aprobetxamendurako sistemen mantenua egiteko konpetentzien garapena eta formazioa.

BUILD UP SKILLS: ERAIKINEN EFIZIENTZIA ENERGETIKO

Gure eraikinek ingurugiroan duten eraginaz kontziente izan behar dugu baina aldi berean ere eraikinon erabilera eta funtzionamenduaren kostu altuaz jabetu beharra dugu. Horretarako lehentasunezkoa da gizarteari erakustea eraikuntzen eraginkortasun energetikoetan egiten diren inbertsioak epe erdira errentagarriak izan daitezkeela. Egiteke dagoen lanen artean dago.

Build Up Skills proiektuaren ibilbide orrian, hain zuzen ere, 2020rako Europak eraikuntzaren eraginkortasun energetikoaren gaian finkatutako helburuak lortzeko dibulgazio kanpainak egitea proposatzen da. Efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrietan aurki daitezkeen irtenbide ezberdin eta soluzio hauen errentagarritasun ekonomikoaren gaineko informazioa helaraztea du helburu ibilbide orri honek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>